Etiquetas

, ,

_MG_1424-2

 

 

 

 

 

 

Agian, batek baino gehiagok ezin du imajinatu nola bizi ditudan ezagutzen eta inguruan entzuten ditudan hizkuntzak. Horregatik, nire iritzirako, komeni zait azalpena ematea eta nire ama-hizkuntza euskararekin dudan harremana kontatzea, inor ez engainatzeko eta esango dudan honekin ez harritzeko:

1962an jaio nintzen, Zarautzen, eta La Sallen ikasi nuen. Haur oso zoriontsua izan nintzen, nire anai-arrebekin, lehengusu-lehengusinekin eta lagunekin, batez ere hondartzan geundenean eta itsasoan bainatzean. Haurtzaroan antzerkia egin nuen, euskaraz, eta herriz herri joaten ginen, Manolo Urbieta musikariarekin, euskaraz kantatzen eta antzezten. Hala ere, euskaldun izanik ere, eskolan eta unibertsitatean nire prestakuntza osoa gaztelaniaz izan zen. Horretxegatik idazten dut hizkuntza horretan: nire identitate guztiak naturaltasunez onartzen ditudalako.

Orain, berrogeita hamar urte ditudanean, esan dezaket euskara familiaren esparruan erabili ohi dudala eta ez dudala, beraz, lagunen artean edo lanean erabiltzen. Nire gurasoak bisitatzen ditudanean, euskaraz mintzatzen naiz eurekin; nire anai-arrebekin nagoenean, euskaraz mintzatzen naiz eurekin, nahiz eta Yolandarekin (Bartzelonan bizi da) gaztelaniaz egiten dudan. Hilariorekin –gazteena, ikastola batean ikasi eta unibertsitateko ikasketak euskaraz osatu ahal izan zituen bakarra izanik– euskaraz mintzo naiz. Nire ilobekin, Zarautzen bizi direnak guztiak, euskaraz hitz egiten dut. Nire seme Jurgerekin, aldiz, etxera datorrenean gaztelaniaz mintzatzen naiz; izan ere, bere garaian, ama zen euskaraz egiten ziona eta nik, berriz, gaztelaniaz egiten nion, etorkizunean ondo mintzo zedin eta –gainerakoan‑ inolako zailtasunik izan ez zezan. Semea ingelesez ere mintzatzen da –behintzat hala dio berak– eta antzezle gisa atera berri da euskara hutsezko film batean, Umezurtzak.

Zergatik kontatzen dudan hau guztia? Gehienetan, nire lanagatik edo bizitza ulertzeko dudan moduagatik, bakarrik bizi naizelako. Nire lagunak han-hemen bizi dira, beste hiri batzuetan, eta bizi naizen hirian –Gasteiz, Euskadiko hiriburuan– daudenak apenas ikusten ditudala aitortu behar dut; eta elkartzen garenean, ia ez dugu euskara erabiltzen, beraiek ez dakitelako. Beste modu batera esanda, liburuak eta musika dauzkat inguruan, telebistarik gabeko etxe batean, eta jasotzen ditudan deiak –familiarenak izan ezik– gaztelaniaz dira.

Liburuak ere gaztelaniaz irakurtzen ditut: maiz saiakera, filosofia liburuak eta Latinoamerikako poesia. Izan ere, azken urteotan, salbuespenak salbuespen, jada ez dut irakurtzen Espainian idazten den literatura. Baina, askoz lehenago, utzita nion euskaraz argitaratzen ziren liburuak irakurtzeari, ez baitzetozen bat irakurle aldetik dudan gustuarekin ezta idazle aldetik ditudan beharrekin ere.

Gogoan dut luzaroan nire burua behartu nuela eleberri batzuk eta pare bat poema liburu euskaraz irakurtzera, baina itxuraz aspertu egin nintzen, jada ez dut egiten eta. Ez dakit oker nabilen, baina aukera bat da; aukera hori une batetik bestera alda daiteke baldin eta nire ohiturak aldatzeko adina arrazoi topatzen badut. Haatik, arrazoi hori iristen ez den bitartean, aitortu behar dut ez dudala euskaraz irakurtzen. Beste horrenbeste gertatzen zait prentsaren kasuan; beno, prentsa dagoen moduan dagoela, beharbada askok jada ez dute irakurriko ez euskaraz ez gaztelaniaz.

Entzuten dudan musika? Jazz asko, zenbaitetan musika klasikoa eta rock pixka bat. Baina, salbuespenak salbuespen, entzuten dudan musikak ez du euskaraz kantatzen. Hori bai, esna amets egin nahi dudanean Xabier Lete entzuten dut; bera da, bere ahotsarekin, jaio nintzen lurrera itzularazten nauen poeta eta euskal kantautorea; bera da modu bitxian ukitzen nauen hizkuntza horren boterea gogorarazten didana, oso ondo jakin gabe zergatik.

Nahiko nuke ondo uler diezadazuen: ez dut arbuiatzen; euskaraz mintzo naiz nire medikuarekin ospitalera joatean, nire auzoko aljeriar eta afrikar haurrekin, euskaraz dakien auzokideren batekin, kalean topatzen dudan idazleren batekin, baina, oro har, esan dezaket ez naizela euskaraz bizi, bakardadean bizi naizelako eta, hitz egiten dudanean, gaztelaniaz egiten dudalako.

Nire literatura, nire liburuak, idazle lanbideari buruzko nire eztabaidak hizkuntza horretan izan dira. Euskal kulturaren munduak denbora luzean eduki dituen ideiek ez zaizkit interesatu, eta euskal politika urrundu egin zen sortzaile gisa nituen interesetatik, nire indar guztiak bizirautera eman behar nituen garai bitxi eta zail hartan.

Ez naiz kexatzen. Niri ez didate euskal erakundeek deitu, eta jendeak naizen bezala ikusi nau: gaztelaniazko idazle bat, bere kulturaren traidore izen litekeena. Hala ere, neuk ez dut nire burua horrela ikusten, nire barnean ez baitago inorekiko gorrotorik ez eta inoren edo inongo herrialderen kontrako erresuminik, guztiz alderantziz baizik, hitzak maite ditut eta ideien mundua gogoko dut, eta, esplikazioak ematea gustatzen zaion bakarti bilakatutako lotsati bat izanik ere, edozein hizkuntzetan hitz egitea gustatzen zaion pertsona ere banaiz: euskaraz, gaztelaniaz eta baita ingelesez edo alemanez ere, hala egokituz gero, nahiz eta hizkuntza horiek gaizki hitz egiten ditudan eta beren burua ustez idazletzat dituzten baina izan ez diren beste askok baino zertxobait hobeto idazten ditudan.

Uste dut noizbait esan dudala, baina, badaezpada ere, berriro diot: gogokoak ditut musika eta artea, estilo guztiak, gehienbat jazz-a eta rock-a entzuten ditudan arren, eta probintzietako museoetara joan ohi naiz pintura eta eskultura ikustera. Kirolzalea naiz, itsasoa maite dut –batez ere igeri egitea–, eta borroka-arteak egiten ditut sasoian egoteko. Fraide-bizimodua egiten dut: etxean, bakardadean, baina nire lan mota dela medio oso gizartekoia ere banaiz. Gaztetan oso lotsatia nintzen, baina jada ez, edo hala uste dut.

Adiskidetasuna eta zintzotasuna estimatzen ditut, ausardia eta kemena miresten ditudan bezala. Eta aitor dezaket nire bizitzan, maila profesionalean zein pertsonalean, porrotak askoz gehiago izan direla arrakastak baino, baina esperientzia –erabatekoak benetan– horiei esker naizela naizena: gizon bat zorionaren bidean. Gustatzen zait entzutea eta jendearekin solas egitea, eta, agian horretxegatik sortu dut oraindik orain Entzulearen irudia.

Euskaraz mintzatuko den norbait etortzea nahiko nuke, luze eta zabal entzuteko. Izan ere, pentsatzen jarrita, ez dut emakumerik maitatu hizkuntza horretan. Haiekin gaztelaniaz mintzatu naiz. Arrazoia? Maitasunak ez du arrazoirik; baina, agian, emakume euskaldunak ez nituen atsegin sentitzen edo ez behintzat nirekin, gozotasun handia eta maitasun apur bat behar nuen garai batean; oso gogorrak izan ziren. Hala eta guztiz ere, duela hilabete batzuk zerbait bitxia gertatu zitzaidan Latinoamerikan: emakume batek euskarazko hitz batzuk irakasteko eskatu zidan, eta horretan ari nintzela, berehala jakin nuen bihotzez hitz egiteko gai izateaz gain, maitasunezko hizkuntza, maitasun handiko hizkuntza ere bazela, baina urte askoan indarkeriak eta ulertu ezinak estalita egon zela.

Beharbada arrazoi horiek bultzatu ninduten isiltasunean murgiltzera eta nire beste literatura-hizkuntza, gaztelania, hartzera bizibiderako eta komunikatzeko hizkuntza gisa. Amets egin? Garai batean alemanez egin nuen amets, eta gaur egun gaztelaniaz egiten dut, nahiz eta batzuetan ametsetan euskaraz ere hitz egiten dudan. Bizitzeko eta amets egiteko hizkuntza baita, nahiz eta oraintxe bertan –hainbestetan bezala– isilik nagoen, nire buruari galdetzen diodan bitartean ea nola bizi dudan nik euskara, oraingo honetan ez badit inork galdetu zergatik idazten dudan gaztelaniaz.

 

© Argazkia: ardiluzu, 2013

Anuncios