Etiquetas

Non ote dago Afrika, maite,
non ote Egipto?
Lehen kontinentean,
katu beltza zenuen zain.
Bigarren bidaian,
katu grisa, diamantezko
begiduna.
Baina aitorpenaren ostean
eguzki hurbilera joan zinen,
bizitzako nekea
amets hautsiaren gorputz
ihartuan korritzera.
Non ote promesen
antzeko hitzak?
Non, zure iraunkortasuna?
Zure belarriek orain
entzuten duten musika hori.
Ozeanoaren erdian izandako
euri-ametsen antzeko
hitz haiek
azken bidaiaren
aztarnak estali zituzten.
Hondamena
hortxe bertan,
eta ez genekien.
Non ote da zure irrika?
Non, beti
ur uherretan disolbaturiko
egia baten froga gisa
irauten duena?
Handik hona, nire eskuek
euria sentitzen dute
euririk ez dela.
Itsasoa ikusten dute
eguna dakarrenean.
Baina sinetsi ezina zaie
leihoaren ostean entzuten,
nabarmentzen dena,
isiltasuna izan ezean.
Salatzen gaituena
denbora izan ezik.
Itzalgune bat mapan bezala,
han ausentziak ez baitu
malkoz deitoratzen
ezin saihestukotzat
iragartzen den babesgabezia.
Euri-amets bitxiak,
ez baitira inoiz betetzen.
Sekula gauzatzen ez diren
bizi-ametsak.
Euria al da Afrikan
orain, maitea?
Zure bihotz gainean
aspergura-egunen euria al da?

Anuncios